Txahal haragia

10 behi eta idiskoa ditugu. Behiak Terreña edo Terreña-Angus arrazakoak dira eta idiskoa Angus arrazakoa. Iraganean Limousin arrazakoak izan bagenituen ere, pinudien gaixotasuna zela eta pinudiak zeuden lekuetan zelaiak egiten hasi ginenean zelai aldapatsu eta sastrakatsu asko atera zitzaizkigun. Lur horietarako behi arraza gogorrago bat nahi genuen.

Terreña Euskal Herriko arraza bat da, bertako paisaiara egokituta dagoena eta izaera bizikoa. Angusa aldiz Eskoziako arraza bat da, adarrik gabekoa eta bereziki lasaia. Bien arteko nahasketarekin gure lurretan ongi moldatzen diren arraza bat daukagu, maneiurako lasaiak direnak.

Behiak urte guztian kanpoan ibiltzen dira. Neguan belar nahikorik egoten ez denez beste zerbaitekin lagundu behar zaie. Lastoa eta forrajearekin egin genituen lehen urteetan frogak baina emaitzarik onenak egunean 2-3 kg pentsu behiko emanda lortu ditugu. Egunero behiak dauden lekura joan eta lurrean “tako” erako pentsua zabalduz.

Txahalak gutxi gora-behera 6 hilabete egiten dituzte kanpoan beraien amekin eta ondoren beste 6 hilabete kortan gizentzen. Kortan daudenean babestutako aterpea dute eta aire libreko parkea ere bai. Forrajea izaten dute nahi beste jateko eta pentsua aldiz egunean 4-5 kilo gehienez.

Forraje ekologikoa Araba, Nafarroak edo eta Aragoiko nekazarieu erosten diegu eta pentsu ekologikoa Tolosako Diva pentsu etxetik ekartzen dugu.

Tratamenduei dagokionez euli eta kanpo parasitoentzat Arpon izeneko produktua erabiltzen dugu, uda garaian 2 edo hiru aldiz tratatzen ditugularik. Beste tratamendurik ez dugu erabiltzen. Arazoren bat dagoenean albaitaria etortzen da, kasu hauek gutxi izaten dira.

Txahalak hiltzeko adina 12-18 hilabete izaten da eta Oñatiko Zubillaga hiltegian hiltzen ditugu. Hiltegian bertan txikitzen dituzte txahalak eta 5 kilotako haragi paketeetan prestatzen dituzte, saltzeko prest.

Txahalaren barrukien kasuan (gibela, mingaina...) Elgoibarko Zahatzu harategira ekartzen dituzte eta han ontziratzen dituzte eskaeren araberako poltsatxoetan. Harategi hau ez dago ekologikoan alta emanda eta horregatik txahalaren barrukiak ezin izaten ditugu ekologiko bezala saldu.

Txahala hiltzen dugun astean barrukiak eskaintzen ditugu eta hurrengo astean haragia. Haragi paketeak eskaintzeari ematen diogu lehentasuna, horregatik lehendabizi paketeak bakarrik eskaintzen ditugu eta hauek denak saldu ez badira orduan haragi zati solteak eskaintzen ditugu. Haragi paketeetan ezin izaten dute txahal guztia koadratu eta zati solteak geratzen dira, normalean okela xehatua “pikatua” eta txuletak, hauek ere beti eskaintzen ditugu.

Normalean 6 astean behi hiltzen eta eskaintzen dugu txahal haragia.

 

Gure behiak eta idiskoa:

Euskal artisten izenak jarri dizkiegu.

Aiora

Aiora

Amorante

Amorante

Anari

Anari

Danele

Danele

Eider

Eider

Itziar

Itziar

Jasone

Jasone

Kattalin

Kattalin

Lenoir

Lenoir

Maialen

Maialen

Mice

Mice

Uxue

Uxue