Astero 60-70 barazki poltsa betetzea da gure baratzaren helburu nagusia, ahalik eta barietate gehien eskainiz eta urteko aste guztietan.
Baratzeko plangintza helburu horri begira antolatzen dugu, 40 barazki mota desberdin inguru landatzen ditugu eta landaketak gehienak era mailakatuan eginez uzta guztia batera etorri ez dadin.
Aire librean 3 baratza ditugu guztira 1,3 ha direlarik eta 3 negutegi guztira 0,1 ha osatzen dutelarik. Negutegien laguntza garrantzitsua egiten zaigu barazki batzuen garaia luzatzen eta tomatea bezalako landare delikatuak baldintza babestuagoetan edukitzen.
Landareak Nafarroako Abaurre mintegitik ekartzen ditugu eta haziak Beizamako Aleka-tik.
Lurra ongarritzeko gure txahalen eta oiloen simaurra erabiltzen dugu. Uzta bildu ostean sarritan behiek baratzean sartzen ditugu baratza garbitu eta aldi berean pixka bat ongarritzeko.
Belarraren hazkuntza kontrolpean mantentzen saiatzea da lan dezente ematen diguna eta eskuz edo tresna desberdinen bidez egiten dugu.
Barazki poltsak:
Garaian garaiko barazkiz osatutako poltsa da, ortuan dagoenaren arabera garai bakoitzean guk aukeratzen dugu poltsan zein barazki sartu. Ahalik eta barazki desberdin gehien sartzen saiatzen gara. Hiru poltsa tamaina daude, txikia, ertaina eta handia.
Urte garai baten barazki gutxi baldin baditugu poltsa ez da hain betea joaten, baina ortuarentzat garai hobeak direnean konpentsatu egiten dugu.
Astelehenero Whatsapp taldean aste horretako barazki poltsak eramango dituen berri ematen dugu.
Poltsetan guk ekoiztutako barazkiak bakarrik sartu ditugu 17 urtetan zehar, aurten ordea ortuan barazki gutxi genuen garaian probaldi bat abiatu dugu Gumendi banatzailearen barazkiekin poltsa osatuz.
Zergatik Gumendi? Gipuzkoa eta Bizkaian ekoizten diren barazki ekologiko ia denak kontsumitzaileei zuzenean salduta merkaturatzen dira eta oso zaila da guk barazkirik ez dugunean barazkiak dituen beste norbait aurkitzea. Araban ekoizpenak handiagoak dira baina ekoizle ekologiko gutxi dago eta han ere oso zaila da zerbait aurkitzea. Gumendi Nafarroako ekoizle eta banatzaile enpresa bat da, produktu ekologikoekin egiten dute lan. Produktuen jatorria Nafarroa, Espainia eta atzerria da. Banaketa sarea oso landuta daukate eta ematen duten zerbitzua ona da. Hemengo denda ekologikoetara normalean beraiek ekartzen dituzte barazkiak. Gu Nafarroako barazki ekologikoak ekartzen saiatzen gara eta gehienez ere Espainiakoa, atzerrikorik ez. Gehienez ere barazki poltsaren heren bat izaten da Gumendikoa eta astelehenetan bidaltzen dugun mezuan adierazi egiten dugu zein barazki den Gumendikoa.
Familia bakoitzari bi poltsa huts ematen zaizkio bere izenarekin, aste bakoitzean barazkiz betetako poltsa jasotzean aurreko asteko poltsa hutsa itzuli behar da. Asteren baten poltsa hutsa banaketara eramatea ahazten bada baditugu poltsa estrak eta hauek erabiltzen ditugu hurrengo astean. Edonola ere komeni da poltsa hutsa astero itzultzea.
Tresnak:
-
traktorea eta traktoreari lotutako tresnak (rotabadorea, desbrozadorea, lurra sakonetik apurtzekoa, patata sartu eta ateratzekoa ...)
-
Motoaitzurra
-
Eskuko erreminta txikiak
Barazkien zerrenda:
Apioa, atxikoria, aza, azalora, azelga, azenarioa, baba beltza, babarruna, baina, baratxuri freskoa, berenjena, borraja, brokolia, bruselako aza, daikona, erremolatxa, eskarola, espinaka, ilarra, kalabaza, kalabazina, kale, kogoiloa, letxuga desberdina, patata, pepinoa, piper desberdina, porrua, rabanitoa, romaneskua, rukula, tipula, tipulina eta tomatea
Tratamenduak:
Erabiltzen ditugun tratamendu guztiak nekazaritza ekologikoan baimendutakoak dira. Zomorro eta gaixotasun askori aurre egin beharra izaten dugu, barazki mota desberdin asko ekoizten ditugunez barazki bakoitzak behar duen zaintza espezifikoak produktu desberdinak erabiltzera eramaten gaitu, nahiz eta barazki bakoitza gutxitan tratatu.
Hauek dira erabiltzen ditugun tratamenduak:
Ferramol/Iroox, Xaboi potasiko eta fosforikoa, Vacillus Thurigensis, Neem, Piretrina, Spintor, Kobrea, Azufrea eta Arnicab